XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. Soldaten eboluzioa eta politika

Soldata da laneko ohiko errenta, biztanleria aktiboko gehiengoa soldatapekoa izan baita. Soldatapeko bakoitzak oinarrizko soldatarako eskubidea du eta horri gehi dakizkioke aparteko orduak (gehiago ordaintzen dira), ohiko sariak (antzinatasun-saria) edo ohikanpokoak (errendimendu-saria, adibidez).

Beraz, soldatapekoak eskuratzen duen lan-sariari dagokion kontzeptua da soldata; baina, soldata soldatapekoen lan-errentaren zatia besterik ez da.

Lan alokatuko errentak enplegatzaileak soldatapekoarengatik ordaindutako guztia hartzen du. Enpresarentzat soldatengatiko kostua da. Soldatak langileek eta enpresaburuek akordioz finkatzen dituzte.

Baina enpresa indartsuagoa izaten da eta botere publikoek zeregin garrantzitsua dute soldatak finkatzen. Botere publikoen eginkizun horri askotan soldata-politika deitzen zaio eta ondoko bi elementu ditu: lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) finkatzea eta funtzionarioen soldatak finkatzea.

Lanbide arteko gutxieneko soldatak, ordutegi osoan ari den edozein langilek gutxieneko saria kobratzea bermatzen du. LGSrekin batera mekanismoa zegoen kontsumoko prezioen igoerek LGSn eragina izan zezan eta gutxieneko soldata horren erosahalmena manten zedin.

Baina garapen-urteetan, LGS hori urrundu zen igoera garrantzitsuak lortu zituzten beste sari batzuetatik (sektoreko hitzarmenetatik eta abarretatik). Horrela, soldaten arteko desberdintasunak areagotu ziren eta gutxieneko soldatak erreferentzia izateari utzi egin zion, oinarrizko soldata deitutakoa (bankarako, burdingintzarako eta abarretarakoa) baino dezente beherago geratu zelako.

Gaur egun, ordea, eskulan gehiegi dago eta gutxieneko soldata erreferentzia da berriz ere. Izan ere, gutxieneko soldata kontuan hartu behar da soldatapekoek beren erosahalmenari eutsi ahal izateko.

Ekonomialari neoklasikoek diotenez (ikus: Soldata, enplegua eta langabezia: lan-merkatuari eta langabeziari buruzko azalpen teorikoak), oreka-soldata lan-eskaintzaren eta lan-eskariaren elkarguneak finkatzen du. Soldatek gora egiten badute, pertsonen lan-eskaintza (enplegu-eskea esan ohi zaio) igo egiten da.

Soldatek behera egiten badute, enpresentzat lan-faktorearen kostua murrizten da eta horrek faktore hori gehiago eskatzera bultzatzen ditu (lan-eskeari normalean enplegu-eskaintza deitzen zaio).